2009-01-06

Energia berriztagarriak

Aurreko sarrera batzuetan kutsadurari buruz hitz egin dugu eta kutsadura eragiten duten giza ekintzei buruz. Kutsadura atmosferikoa sortzen duen faktore garrantzitsu bat kotxeen kea zela esan genuen eta beste faktore oso garrantzitsu bat energia da. Gizakiok energia sortzeko atmosferara gas asko botatzen ditugu eta hauek atmosfera kutsatzen dute, baina badago energia sortzeko modu ez kutsakorra: energia berriztagarriak. Energia berriztagarriak horrela deitzen dira iturri natural agortezinetatik lortzen direlako, batzuk bukatu daitezke baina naturak berriro sortzen dituenez agortezinak direla esan dezakegu.
Energia berriztagarriak honakoak dira:
  • Energia hidraulikoa: Ur-jauzietako ura turbina mugitzeko erabiltzen dira. Horrela, energia elektriko bihurtzen da.

  • Eguzki energia: Eguzki izpiak panel batzuen bidez harrapatzen dira eta ondoren energia termiko edo elektrikoa bihurtzeko.
  • Energia eolikoa: Haizearen indarraren bidez lortutako energia da.
  • Energia geotermikoa: Lurraren barneko beroa erabiltzen da bai ura berotzeko eta bai turbinak martxan jartzeko.



Energia mota hauek ez dute atmosfera kutsatzen eta beraz, ez dute beropen globalean eragiten.

2009-01-04

ESkolako Agenda 21aren prozesua

Hurrengo bideo honetan Eskolako Agenda 21 burutzeko ematen diren pausuak azaltzen dira, oso ondo azaltzen dute prozesua zein den. Eman beharreko pausuak zeintzuk diren ulertzeko baliagarria izatea espero dut

2009-01-02

Berde berdea


Berde berdea Kutxak sortutako ekimena da. Honen bidez lortu nahi dutena Gipuzkoako gazteek ingurumena ezagutzea da, horretarako teknologia berriak erabiltzen dituzte eta bost gai lantzen dira: bioaniztasuna, atmosferaren kutsadura, ura, oporraldi ekologikoagoak eta klima-aldaketa.
Berde berdean parte hartzeko ikasleek izena eman behar dute baina edonork parte har dezake web orriaren bidez. Ikasleek klasean aipatutako bost gai horietako bakoitza lantzeko material hau erabiltzen dute:
  • 8-10 minutu inguruko filma.
  • Aukera anitzeko 15 galderez osatutako galdetegia.
  • Irakaslearentzako eta ikasleentzako koadernoa, gaia ulertu eta berrikustea ahalbidetu eta galdetegia osatzen lagunduko diena.
  • Material osagarria; bideoak, infografiak…biltzen dituen CDa.
Material hau berde-berdea.net orrian aurki dezakegu.
Kutxa-ren proiektu honek hau du helburua: gazteen heziketa eta parte hartzea sustatzea ingurumenaren alde.
Proiektu honen bidez elkarte batzuei laguntza ematen zaie. Ikasleek aukeratutako ingurumenaren aldeko elkarteak dirulaguntzak jasoko ditu ikasleen partaidetzari esker. Berde-berdeako ikasle partaideek pasahitzak dituzte, galderak eginez puntuak lortzeko aukeratuko elkarteari emateko. Elkarte hauei ematen zaie laguntza berde-berdearen bidez:
  • Aranzadi: Hegazti migratzaileen eraztunketa eta ikerketa Txingudiko paduretan.
  • Arrano Etxea: Sendatzen dituzten animalia basatien aterpeak eraberritzea.
  • EIBE: Euskal kostaldea zeharkatzen duten izurde handien ikerketa.
  • The Green Belt Movement: Kenyako baso-berritze ekimenerako zuhaitzen erosketa eta landaketa.
Web orrian berriak irakurtzeko aukera ere badago.

Berde-berdearen laburpen txiki bat egin dizuet hemen. Berde-berdearen orrian sartu eta materiala ikustea gomendatzen dizuet.

2008-12-29

Erlazionatutako hainbat programa eta aldizkari

Agenda 21 eta ingurumenari buruzko programa eta aldizkari interesgarri batzuen berri emango dizuet gaur.

Hauetariko lehenengoa "ingurugirogela CEIDA" ikastegiak dira. Hauek irakasleei eta ikastetxeei laguntzeko ekipamendu publikoen sarea osatzen dute eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako planak eta programak koordinatzen dituzte.Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sortu zituzten eta bi sailen arteko lankidetzaren bidez funtzionatzen dute. Ikastegi hauen lana zeharkakotasunaren metodologian dago oinarrituta eta helburu nagusia garapen jasangarria da.
Ingurugiro CEIDA ikastegiek ikastetxeei hainbat zerbitzu eskeintzen dizkiete:
  • Informazio- eta dokumentazio-zentroak.
  • Irakasleen etengabeko prestakuntza.
  • Curriculumetarako materialak prestatzea.
  • Ikastetxeetako proiektuak garatzeko aholkularitza.
  • Eskola Ekologikoaren eta Eskolako Ekoikuskapenaren kanpainak.
Aurkeztu nahi dizueda beste programa bat Aztertu programa da. AZTERTU Ingurumen Hezkuntzako programa bat da eta bere xede nagusia jendea ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartaraztea da, ingurua ezagutzera emanez eta parte hartzea bultzatuz. AZTERTU programaren bultzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila da eta bi kanpaina biltzen dira programaren barruan: azterkosta eta ibaialde.Bi kanpaina horiek inguru desberdinetan burutzen dira: azterkosta itsasertzean eta ibaialde gure ibaietan. Baina bien xede nagusia inguruaren alde heztea da eta, horregatik, bi kanpainen bidez ingurumenaren balore eta arazoak jendeari hurbilarazi nahi zaizkio. Horretarako, giza talde askorengana iritsi nahi dute: ikasleengana, aisialdiko taldeengana, kirol taldeengana, elkarte ekologistengana, auzo elkarteengana eta abar. Asmoa zera da: talde horiek guztiak euren ingurua aldatzeko eta hobetzeko prozesuetan sartzea.


Hurrengoa IHITZA aldizkaria da. IHITZA eskola–elkarteari zuzenduta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egindako Ingurumen Hezkuntzako aldizkaria da.

IHITZAk ingurumen–ikuspegia ikastetxeetako curriculumetan eta bizitzan txertatzeko baliabideak eta ideiak eskaini nahi dizkie unibertsitatez kanpoko irakasleei. Hemen ihitzako azken alea daukazue, begirada bat ematea gomendatzen dizuet.

Bukatzeko, jasangarritasuna bultzatzeko hezkuntza baten aldeko konpromisoa duzue hemen, jasangarritasunaren aldeko hezitzaileek idatzitako artikulua bat da, bertan jasangarritasunari buruz hitz egiten du eta interesgarria irudituko zaizuela uste dut, beraz, irakurtzera animatzen zaituztet.



2008-12-27

Adibide pare bat

Aurreko post batean Eskolako Agenda 21 proiektuan sartzen diren gaiei buruz hitz egiten ibili ginen eta gaur, horrekin jarraituz, Eskolako Agenda 21eko adierazleen bi adibide emango ditugu, bata Ikastetxeak klima-aldaketa globalari egiten dion ekarpena eta bestea Eskolako berdeguneak.
Ikastetxeak klima-aldaketa globalari egiten dion ekarpena:
  • Testuingurua: Ikastetxe jasangarri bat arduratsua da klima-aldaketaren arazoarekiko, erregai-fosilen energia-kontsumoa murriztu eta arian-arian energia alternatiboak sartu behar ditu.
  • Helburuak: Kyotoko konferentzian 2010. urterako negutegi efektua duten gasen produkzioa 1990ko mailetara jaistea xedatu zen. Europar batasunak gasen produkzoa %8an murriztea erabaki zuen. Estatu eta eskualde desberdinek murrizketa zorrotzagoak ezarri dituzte. Ikastetxe batean fuel-olioaren edo gasaren kontsumoa elektrizitatearen kontsumoa eta garraio pribatuaren erabilera %10etik %20ra bitartean murrizteko helburuak plantea daitezke.
  • Neurketa-unitatea: Fuel-olio/gas/elektrizitatearen kontsumoa eta auto partikularren kopurua.
  • Tresna: Ordainagiriak eta kontagailuen irakurketa, eta ibilgailuen kontrolerako galde-sorta.
  • Maiztasuna: Urtean behin edo bi urtean behin.
  • Irudikapena: Elektrizitatearen eta fuel-olio edo gasaren kontsumoaren grafikoa eta ikastetxera iristen diren auto pribatuen grafikoa.
  • Arduraduna: Ingurumen Batzordea.
Eskolako berdeguneak:
  • Testuingurua: Ikastetxe jasangarri batek berdeguneak baloratu eta sortu behar ditu, zonako dibertsitatea islatu eta espazio horiek didaktikoki erabiltzeko.
  • Helburuak: Ikastetxeko jolastokietako edo ikastetxe barneko berdegune-kopurua handitzea edo jada daudenetan espezieen aniztasuna areagotzea.
  • Neurketa-unitatea: berdeguneei (lorategiak, urmaelak, baratzeak...) eskainitako ikastetxearen azaleraren %.
  • Tresna: Eskola-esparruaren planoak.
  • Maiztasuna: Urtean behin edo bi urtean behin:
  • Irudikapena: Sektore diagrama.
  • Arduraduna: Ingurumen batzordea.

2008-12-23

Kotxeak eta Kutsadura


Gaur egun airearen kutsatzaile nagusiak kotxeak dira, kotxeak eta trafikoarekin zerikusia duen guztia, horrela dio Maribi Albisuk, Eusko Jaurlaritzarentzat lan egiten duen Ingurugiro Arduradunak, elkarrizketa batean, hemen elkarrizketa osoa irakur dezakezue. Baina kotxeek asko kutsatzen dutela guztiok dakigun gauza bat da. Zer egin dezakegu egoera hau konpontzeko edo gutxienez kutsadura gutxitzeko?
  • Norberaren autoan egiten ditugun joan-etorrien %10-a Km 1 baino gutxiagokoa, %30-a 3Km baino gutxiagokoa eta %50-a 5km baino gutxiagokoak dira, hau BERDEAK idatzitako artikulu batean irakur dezakegu. Guztiok ados egongo gara km bateko edo 3 km-ko bidaia egiteko kotxea hartzea ez dela normala, beraz, egin dezakegun lehenengo gauza hau da, bidaia txikiak egiteko kotxerik ez hartzea, oinez edo bizikletaz joatea.
  • Posible denean garraio publikoa erabiltzea.
  • Kotxea konpartitzea ahal denean.
  • Kotxeari errebisioak egitea, kotxeak zahartu ahala gehiago kutsatzen dutelako eta noizbehinka errebisioak eginez kutsadura gutxitu dezakegu.
Eskolako agenda 21ean garraioaren arazoa konpontzeko proposatzen diren gaiak honakoak dira:
  • Ibilgailu pribatuak gutxiago erabiltzea.
  • Autobusen kontrola (kea, segurtasuna, etab.).
  • Oinezkoentzat jarritako zonak.
  • Bidegorriak eta bizikletentzako aparkalekuak prestatzea.
  • Inguruko bide segurtasuna.

2008-12-20

Energia eta ura aurreztu

Aurreko egunean Eskolako Agenda 21ean lantzen diren gaiei buruz hitz egiten ibili ginen eta horietariko bat energia eta ura zen, hain zuzen ere, energia eta ura nola aurreztu. Oraingo honetan energia eta ura aurrezteko hainbat aholku emango ditugu. Greenpeace-ek hainbat aholku ematen ditu etxean, sukaldean, bainugelan... energia aurrezteko. Hemen dituzue horietako batzuk:
  • Kontsumo baxuko bonbilak erabili.
  • Ez utzi telebista, ordenagailuko pantaila... stand by moduan, amatatu.
  • Berotu bakarrik behar duzun janaria, janaria berotzeak energia asko kontsumitzen baitu.
  • Ez berotu edo hoztu etxea behar baino gehiago.
  • Erosi eragingarritasun energetiko handieneko produktuak, A motako energia aurrezpen etiketak dituzte.
  • Ordenagailuan lan egiten bukaten duzunean amatatu.
Ura aurrezteko aholkuak:
  • Hartu dutxa azkarra bainuaren ordez.
  • Behar ez duzun bitartean txorrota itxi.
  • Harrikoa egiterakoan , lehenengo plater guztiak garbitu txorrota itxita dagoela.
Aholku hauek jarraitzea espero dut, hala ere, Greenpeace-ek klima salbatzeko egindako txostena irakurtzea gomendatzen dizuet.